apicultor.jpg
Erlezaina eta Erlandere eztia
 

            Albaitaritzan lizentziaduna naiz 1998. urteaz geroztik. Oiartzunen (Gipuzkoa) hasi nintzen erlezaintzan mutil-lagunarekin batean, 1999an; erlauntza gutxi batzuekin lehenik, eta 30 erlauntzekin gero. Era berean, hasierako urte haietan, lehen harremana egin nuen Gipuzkoako Erlezainen Elkartearekin eta Isabel Telleria Nafarroako erlezainarekin. Eta erlezaintzaz hainbat eskola eta ikastaro egin nituen. 2000. urtean, 200 erlauntza izatera igaro ginen, eta ordutik honara erlauntza kopurua handituz joan gara. Gaur egun, 350 erlauntza ditugu.

            Lanbideak dioen bezala, nire lana erleak zaintzea da, eta trukean haiek niri eztia, polena, propolia eta argizaria ematen didate. Erlatokiak Nafarroan barrena ditugu; batzuk ipar partean eta beste batzuk erdialdean. Erlategiak txikiak dira, 15-25 erlauntzakoak.

Eztigintza

            Udaberri akabailan, erromero eta akazia eztia biltzeko garaia izaten dugu; udan, berriz, ezkai, gaztaina eta lore anitzeko eztia biltzen ditugu; eta, udazkenean, ihintz-eztia, lore anitzeko eztia eta ainar edo txilar eztia biltzen ditugu.

            Eztia biltzeko garaia iristen denean, erlategietara joaten gara altza izena duten kutxa gisakoak jasotzera. Izan ere, altza horietan erleak eginiko abaraskak egoten dira; abaraska horietako gelatxoetan sartzen dute eztia erleek. Delako altza horiek Arbeitza herrira eramaten ditugu, ezti biltegira. Arbeitza Lizarratik 3 kilometrora dago, Vianako bidean.

            Biltegian, eztia estaltzen duen argizaria kentzen diogu abaraskari, orrazi batez, eskuz. Argizari horrek estimazio handia du, kalitate handikoa baita, eta gorde egiten dugu. Ondotik, abaraska erauzgailu batean sartzen dugu. Erauzgailu horrek, indar zentrifugoz, eztia aterarazten du abaraskatik. Ateratako ezti hori irazki batzuetatik pasatzen da, garbitzeko, argizari hondarrak kentzeko. Gero, herdoiltzen ez diren ontzietan sartzen dugu. Ontzi horietan 2 edo 3 aste eman ondoren, potoetan sartzen dugu, eta potoak etiketatzen ditugu.

            Hori guzia eskuz egiten dugu, eta ez dugu eztia berotzen. Abaraskatik bildu dugun bezalaxe iristen da eztia potoetara.

            Ezti denak epe bat pasatu eta, kristaldu egiten dira, gogortu. Eztia gogortzea naturala da, eta lehenago edo geroago gertatzen da, zer ezti mota den. Salbuespen batzuk badira, besteak beste akazia eztia eta akaziaz osatua den lore anitzeko eztia. Ezti horiek urte anitz irauten dute batere kristaldu gabe.

Miren Lizasoain
·  Regueta kalea 1, 31241 ARBEITZA · Telefonoa: 686 37 32 41

erlandere@alimentosartesanos.com